Azken urteotan joera hau izan da: Euskal etxebizitza-eraikinen energia-kontsumoaren garrantzia pixkanaka handitzea, eraikin-parkea gero eta handiagoa delako eta energia kontsumitzen duten ekipamenduen erabilerak gora egin duelako erosotasun-maila handitu den neurrian.
Hala, Gipuzkoako azken hamarkada eta erdiko datuetan, energia-kontsumoaren gorakada garbia ez ezik, etxeetako energia-kontsumoak energia osoaren kontsumoan gero eta pisu handiagoa duela ere ikusten da.
2018ko datuen arabera, Gipuzkoako etxeetan energia-iturri nagusiak gas naturala eta energia elektrikoa dira oraindik ere, kontsumoaren ia % 80 biltzen baitute; energia berriztagarriek, berriz, % 7 baino apur bat gehiago baino ez dute ematen, eta oraindik ere pisu txikiagoa dute petrolioaren deribatuek (butanoak eta gasolioak, esaterako) baino.
Oarsoaldeari dagokionez, azken urteotan eskualdeko lau udalerrietako etxebizitzetan gas- eta berokuntza-instalazioak nabarmen ugaritu dira, probintziako gainerako udalerrietan ikusitakoarekin bat etorriz.
Ahultasun energetikoa beren behar energetikoak asetzeko gaitasunik ez duten familiek bizi duten egoera da (bero-sistemak, ur beroko sistemak, argiztapena, etxetresna elektrikoak…). 2017ko datuen arabera, Gipuzkoako familien % 21ek baino gehiagok (130.000 pertsona inguruk) pairatzen dute egoera hori.
Baina egoera horrek ez die diru-sarrera txikiak dituzten familiei bakarrik eragiten. Izan ere, kalteberatasun energetikoa duten familien erdiek baino gehiagok batez bestekotik gorako diru-sarrerak dituzte, baina haien energia-gastua oso handia da eta/edo arazoak dituzte etxeetan tenperatura egokia mantentzeko.
Gure eskualdean, etxebizitzen batez besteko antzinatasuna Gipuzkoakoa baino handiagoa da; bero-sistemen presentzia eta familien batez besteko errenta, berriz, Gipuzkoakoa baino txikiagoa. Beraz, esan dezakegu Oarsoaldeko energia-kalteberatasunaren mailak probintziako batez bestekoaren gainetik daudela.